XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Badira, noski, zenbait euskal talde oraindik Euskal Antzerki Taldeen Biltzarrean ez daudenak, hala nola: Zarautzko Lizardi taldea, Azpeitiko Antxieta, Zarautzko Branka, Lazkaoko Sendotza, Donostiako Sebastopoleko titiriteroak, Ondarruko Txanpa, Bilboko Kukubiltxo, eta Gasteizko Keinu eta Hordago antzeztaldeak.

Hauetarik, batzuek mimorako joera nabaria dute, hitzezko antzerkirako baino, dena den, esan dezakegu gero eta biziago ikusten dela antzerti mundua, eskolan batez ere bere eragin handia hartzen ari delarik.

Halere, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako probintzian diren antzeztalde profesionalen artean bat bakarrik da hamalautik euskaraz dena egiten duena, Maskarada taldea, hain zuzen, beste hauek gaztelania eta euskara darabilkitela: Sebastopoleko Titiriteroak Ttantaka Orain Karraka eta Hordagok.

Antzerkiaren munduak, badirudi, antza, bigarren berpizkunde bat edo nabari duela, eta alde guztietan eratzen dira antzerti topaketak.

Hauen artean 1983. urtean Azpeitin eratu ziren Lehen Euskal Antzerki Topaketak, bertan hamar taldek parte harturik.

Haurrentzat lauok: Aranzadi Bergarako ikastolako taldea, Orain Donostiakoa, Sebastopoleko Titiriteroak (Donostia), eta Donostiako Txotxongilo taldea.

Helduentzat seiok: Alegiko Intxurre taldea, Baionako Xirrixti-Mirrixti, Ondarruko Txo, Zarautzko Lizardi, Debako Goaz eta Azpeitiko Antxieta.

Oraingoan Azpeitiko udala gertatu zen antolatzaile eta beste zenbait udalek ere oharturik antzerkiak duen garrantziaz herri baten bizitasunean hasi da Antzerti Lehiaketak ere antolatzen, adibidez, Santurtziko Kontzejua, eta 1984. urtean zazpi lan aurkeztu dira sarituen artean zaharrak eta gazteak aurkitzen direla: A. Zubikaray, M. Minaberry, I. Ugarteburu eta E. Martin.

Berdin ere bakarrizketetako norgehiagoka antolatu berri du Ondarruko herriak.

Bere aldetik bai Euskaltzaindiak eta bai Eusko Jaurlaritzak antolatzen ari dira sariak eta diru laguntzak Antzertiaren eta euskararen onerako azken urteotan, eta fruiturik ere dudarik gabe emango du ereintza honek.

Lehenik, taldeak ugaritzen hasiak dira eta antzerki ikasketak ere antolatzen dira leku asko ta askotan eta hortxe dugu ere Antzerti eskola bai Gasteizen, bai Bilbon eta bai bereziki Donostian.

Mintza gaitezen, bada, apur bat azken honetaz.